Txantrea. Iruñeko auzoaren izenaren dekalogoa.
martes, 4 de abril de 2017
Txantrea toki-izenaren dekalogoa
01 Gure auzoa beti
deitu da horrela? Ez. Gure auzoa
eraiki den lurren lehenbiziko izena Urrutia
izan zen (1255. urtea) –euskara zaharrean ‘ugaldeaz bestaldean dagoena’– eta Kaskalleta (1291) –‘kaskailu ugariko
lurraldea, eremu harritsua.– Magdalena ahaztu gabe, zubiaren eta ondoko lurren
izena. Auzoaren gaurko izena 1774. urtetik aurrera dokumentatzen da toki-izen
bezala.
02 Zergatik deitzen da
Txantrea gure auzoa? Urrutiako eta Kaskalletako lurretan katedraleko
txantreak ondasun askotxo zituelako, ardantzeak batez ere.
03 Orduan, zer esan
nahi du Txantrea izenak? Txantrearen esanahia “xantrea” edo “txantrea” da. Txantre hitzak jatorri frantsesa du eta
hitz hori bai gaztelaniak eta baita euskarak ere mailegu bezala hartu zuten
katedraleko koroa zuzentzen zuen pertsona izendatzeko. Garrantzi handiko
dignitate bat zen, zeinak gaztelaniaz chantría izena hartzen zuen eta euskaraz
xantregoa.
04 Toki-izen frantsesa
da? Ez. Euskarak eta gaztelaniak
mailegutzat hartu zuten hitz hura, baina toki-izena ez da frantsesa, “futbol
zelaia” toki-izen ingelesa ez den bezalaxe.
05 Gaztelaniazko toki-izena
da? Ez. Espainiako toponimia
aztertu dugu eta maiz aurkitu ditugu beste katedraletako txantreekin lotutako toki-izenak.
Leku horiek guztiek El Chantre –pertsonari
dagokionetan- edo La Chantría
–dignitateari edo karguari dagokionetan–
izenak hartzen dituzte. Baina inon ere ez dugu “Chantrea” aurkitu.
06 Euskal toki-izen
bat da? Bai. Euskarazko hitzak
dira txantre edo xantre, gaztelaniaz
chantre esaten den bezala. Beraz, toki-izena
euskal hitz horretaz eta –a artikuluaz osaturik dago: Txantre-a. Ezinezkoa da
azaltzea Txantrea gaztelaniazko chantría-tik abiatuta. Inolaz ere ez da toki-izen
hibrido bat, ez gaztelania-euskarazkoa, ezta frantsesa-euskarazkoa ere; hain
zuzen ere txantre hitza euskal hitz bat delako, chantre gaztelaniazko hitza den bezalaxe. Bi hizkuntzotan, hori
bai, frantsesetik hartu zuten mailegu hura. Halaber, Nafarroako eta Gipuzkoako
hainbat toki-izenek argi erakusten dute Txantrearen jatorri euskalduna: Txantrelarre (txantrearen
belardia) Uharte Arakilen; Txantresoroak
(txantrearen soroak edo alorrak), Etxauribarrean; Txandrenea, Hernanin eta Arantzan, eta Txantrenea, Irunen edo Beran, ‘txantrearen etxea’…
07 Eta Txandrea?
Gure auzoa sortu zenean, izendapen herrikoi hori ematen zitzaion. Harrigarria da ahoskera hori bakarrik
euskaratik azal daitekeelako eta, gainera, Iruñean 1732. urtean jada
dokumentatzen delako: Txandregaña.
Baita Hernanin eta Arantzan ere: Txandrenea.
08 Orduan, nola idatzi
beharko litzateke toki-izena? Nafarroako Gobernuak 100.000 toki-izen
nafarren ortografia arautzeko erabili zituen arauei jarraikiz, Txantrea idatzi beharko litzateke.
09 Zein da une honetan
auzoaren izendapen ofiziala? Txantrea.
Nafarroako Gobernuak horrela
ebatzi zuen 212/1992 Foru Dekretuan. Han erabaki zen Txantrea zela auzoaren
izendapen ofizial bakarra, eta ordutik hona inork ez du Foru Dekretu hura
ezeztatu.
10 Zer egin behar dute
Txantreako kolektiboek Iruñeko udalak izendapen ofizial bakarra erabil dezan? Txantreako
kolektiboek honako hau eskatu dute era ofizial batean: “Berretsi dadila Txantrea dela auzoaren izendapen ofizial bakarra,
euskaraz zein gaztelaniaz; Nafarroako Gobernuak 1992. urtean ebatzi zuen bezala”.
Publicado por
Mikel Belasko
en
23:12
Etiquetas: -a, comisión de toponimia de pamplona, iruña, Iruñea, Pamplona, Toponimia Mayor, txantre, txantrea
0 comentarios:
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)